04

Ondorioak

Sarrera

Gaur gaurkoz, zaintzaileen lan-baldintzen egoera oso kritikoa da, eta beraz, urgentea da alternatiba izan daitezkeen estrukturak eraikitzea. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba integralak estruktura posible horiek izan daitezke, eta beraz, bide horretan pausoak eman behar dira.

Egindako ikerketaren helburuetako bat, hain zuzen bide hori zehaztea zen, eta lortu dugula esan daiteke. Definitu ditugun pausoak jarraituz, kontu handiz, baina anbizioz, ezagutu ditugun eragile eta norbanakoen eskutik bide hori igaro dezakegula ikusi dugu.

Irunen zaintza kooperatiba bat sortu daiteke. Proiektuan sinisten duen eta parte hartzeko prest dagoen jendea aurkitu dugu, eta BDSKoop bezalako elkarte baten laguntzarekin, hasierako finantzaketa aurkituz gero, posible da kooperatiba sortzea.

Ikerketa hau beharrezko izan da, beraz, ondorio hauetara iristeko; baina kontu handia eduki behar da esperantza faltsuekin. Jende asko mugitu dugu, eta askok pozarren jaso dute proposamena. Egindakoa alferrikakoa izango litzateke orain lan hau kaxoi batean sartzea erabakitzen bada.

Hemendik aurrera, BDSKoopek du esku artean giltza, esan bezala, hasierako finantzaketa lortu, indarrak batu eta Irunen Zaintza kooperatiba Integrala zutik jartzeko.